GAIAK

sábado, 7 de mayo de 2011

FILO (2. ebaluazioa)

Hau oso ondo etorri zitzaian.


Erdi aroko filosofia
Agustin Hiponakoa
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
San Agustin Hiponakoa Algeria iparraldean, Tagaste hirian, jaio zen 354. urtean. Garai haietan, Erromako inperioak behera egin zuen, eta erromatar eta kristauen artean borroka bizia zegoen. San Agustinen aita paganoa eta ama kristaua ziren, eta semea kristautasunean hezi zuen, nahiz eta honek kristautasuna utzi nerabezaroan, heldua izandakoan berriro itzultzeko. Agustin Maraudara joan zen bere lehenengo ikasketak egitara, eta jarraian, Cartagora joan zen erretorika ikastera, bertan erretorika eskola bat ireki zuelarik. Geroago, Erromara joan zen, eta hemen plazerez betetako bizitza izan zuen, ondoren Milanen jarraituko zuena. Hala ere, Milanen, kristautasunetik urrun zegoen plazeren bizitza behin betiko utzi zuen, nolabaiteko Jainkoaren seinale baten eraginez, eta kristau zintzoa izatera etorri zen. Ondoren, bataiatu eta apaiz egin zen, Hiponako apezpiku izendatu zutelarik. 430. urtean, San Agustin Hiponakoa hil egin zen, bandaloek Hiponako hiria setiatu zutenean eta Erromak behera egin zuenean.
Fedea eta arrazoimena: ezagutzeko sinetsi
San Agustin eudemonista zen, hau da, gizakia aseko zuen egia aurkitu nahi zuen, zoriontsu izateko. Zoriontsu izateko egia absolutuaz jabetu behar da, hau da, Jainkoaz jabetu behar da. Egia edo Jainkoa lortzeko, arrazoimena eta fedea lotuta egon behar dute, eta hauen arteko erlazioei dagozkienez, ikuspegi asko daude: fideismoa; ulertezina den zerbaitetan sinetsi behar da, nahiz eta ez ulertu; agnostizismoa; Jainkoaren existentzia ezin da arrazoiaren bidez frogatu, adieraztezina baita arrazoiaren bitartez, eta deismoa; arrazoiaren bidez arrazoizko Jainko bat ezagutu eta berarengan fedea eduki dezakegu. Agustinek dioenez, gizakiaren helburua egia aurkitzea da, zoriontasuna lortzeko edo Jainkoa ezagutzeko, eta ezinbestekoa da arrazoimena eta fedea elkarlanean aritzea. Bide honetan, hiru ezagutza maila bereizten dira: ezagutza sentikorra; sentimenen bidez lortutako informaziotik abiatutako ezagutza, benetako egia lortu ezin duena, arrazoizko ezagutza; sentimenetatik jasotako informazioa arrazoimenarekin alderatuz sortutako ezagutza, eta kontenplazioa; Jainkoaren laguntzaz ideiak diren bezala ikustean datza, benetako jakituria eta ideia unibertsalak lortuz. San Agustinek dioenez, Jainkoak gizakia argitzen du, izan ere egia geure barnean dago, baina ez dugu ikusten, eta honekin barnerapena gertatzen da; egia barnean dugu, baina zentzumenek ezin dute ikusi eta ondorioz Jainkoaren argia behar da
Zoriontasuna eta Jainkoa edukitzea
Gizakiaren helburua zoriontasuna lortzea da, hau da, ideia gorena edo Jainkoaren ezagutza izatean, izan ere, zoriontasuna lortzeko ezin gara ondasun galkorretan oinarritu; perfektua eta betierekoa den ondasuna behar da, egonkorra eta suntsiezina den ondasun edo ideia; Jainkoa. Zoriontasuna bizitzaren goi helburua da, eta hau lortutakoan, espirituari lasaitasuna ematen dio. Beraz, zoriontsu izateko Jainkoaren ideia izan behar dugu, eta hau lortzeko, gaiztakerietatik eta bekatutik libre edo garbiak egon behar dugu, honela Jainkoa jasotzeko eta berarekin harremanak izateko aukera izango baitugu. Honela, zoriontasuna ez datza ondasun material eta suntsigarriak edukitzean, hauek galtzean zoriontasuna desagertu egiten baita; benetako zoriontasun absolutua edukitzeko, Jainkoaren ideia izan behar dugu, eta hau lortzeko, esan bezala, bekatutik libre egon behar dugu. Jainkoaren ideia antzematen, jainkoak berak laguntzen digu, hau da, gizakia argitzen du bera antzeman dezan; maisua Jainkoa da.
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
San Agustinen ustetan, Jainkoa arima fededunean frogatuta agertzen da; arima gai da egia eta beharrezkoa den Jainkoa ezagutzeko, baina ezagutza hau ezin liteke gertatu Jainkoaren existentziarik gabe. Jainkoaren eta bere ondorio den arima fededunaren existentzia frogatzeko, San Agustinek hiru argudio erabiltzen ditu: argudio gnoseologikoa; egia existitzen da, eta Jainkoa egiaren funtsa izanik, Jainkoa ere existitzen da, argudio kosmologikoa; kreazioak ezin dio eman gizakiari bilatzen duen zoriontasuna, beraz, Jainko bat dago zoriontasun hori emateko, eta ondorioz Jainkoa munduaren sortzaile bezala onartuta dago, eta agustindar frogapena; betiereko ideietan datza, ideien mugagabetasunean eta beharrezkotasunean, eta ideia eredugarri hauek adimena baino garrantzitsuagoak dira, adimenak beraien aurrean makurtu egin behar baitu. Adimenak argitasun handiago edo txikiagoarekin suma dezake, baina egia beti berdin dago. Beraz, agustindar frogapenak dioenez, ideiak existitzen dira, eta ideiak betierekoak direnez, Jainkoa betierekoa da.
Askatasuna eta gaitzaren arazoa
San Agustinek dioenez gizakia askea da, izan ere horregatik da gizakia, askea delako eta borondatearen autodeterminazioa erabil dezakeelako. Gizakiak, Jainkoarenganako joera izan behar du, honek gizakia sortu zuenean bera maitatzeko agindu baitzion. Gizakiak ongirako joera izan behar du, hau da, Jainkoa maitatzeko joera, baina jatorrizko bekatuagatik, askatasuna galdu zuen. San Agustinen ustez, gizakiak bere buruaz eta bera baino gutxiago diren gauzez gozatzean, bekatua egin zuen, Jainkotik urrunduz. Egoera horretatik altxatzeko, Jainkoaren laguntza behar du; Jainkoaren grazia. Honela, Jainkoa maitatzeko Jainkoaren grazia eta bere laguntza behar dira, eta gaitz moralaren erantzulea gizakia da, ez Jainkoa. Beraz, gizakiak zoriontsua izateko, Ongiarengana itzuli behar du Jainkoaren laguntzaz. Sokratesen ustetan, ekintzen ontasuna eta txartasuna ezagutzaren menpean zeuden bitartean, Agustinek borondatearen menpean daudela dio, eta gizakia ongia lortzen galarazten dioten oztopoetatik askatzea interesatzen zaio. Gaitzei buruz, San Agustinek zioenez gaitz moralen jatorria ongi zehatz baten ausentzia da, eta gizakiaren eta gizartearen ikuspegi pesimista du, bere ustez, Estatu zibilak kristau estatua izatera pasatzen denean bakarrik lortuko baita justizia, horretarako Estatu zibilak kristautasunaren eredua hartu behar duelarik.
Historiaren filosofia: lurreko hiria eta Jainkoaren hiria
410. urtean Erroma suntsitu egin zuten, eta erromatarrek kristauei leporatzen zieten erantzukizuna, hau da, Kristauen Jainkoa erantzulea zela zioten. San Agustinek, Jainkoaren Hiria erromatarren erasoei aurre egiteko idatzi zuen, eta kristauen apologia gisa erabiltzen da, mina eta gaitzaren zentzua azalduz. Gizadiaren kronika bi hirien arteko borroka gisa agertzen da; onaren hiria, Jainkoarena eta argiarena, eta gaitzaren hiria, munduarena eta ilunpekoa. Agustinek gizakiak bi taldetan banatzen ditu; bere burua Jainkoa baino gehiago maite dutenak, munduko hiritarrak, eta Jainkoa bere buruaren mespretxuraino maite dutenak, zeruko hiritarrak. Bi hiriak historian zehar nahasturik agertzen dira, baina azkenean banandu egingo dira, borrokak denboraren amaiera arte irauten duelarik, azkenik Jainkoaren hiria garaile geldituz. Beraz, bi maitasunen arteko liskarra dago; Jainkoarenganako maitasuna eta norberarenganakoa. Jainkoaren hiria ikusezina da, eta horregatik epaiketa arte bi munduak nahastuta daude. Jainkoaren etsaiak ez diren batzuk Elizaren etsai gisa agertzen dira, baina egunen batean Jainkoaren seme bezala onartuak izango dira, eta beste “on” batzuk ez dira salbatuko.
Platonen filosofiaren eragina Agustinengan
Platonen filosofiak asko eragin zuen Agustinengan. Lehenik, neoplatonismoa aurki dezakegu; platondar izaeradun filosofia honek Platonen pentsamenduaz gain, beste antzinako filosofien ideiak elkartzen ditu, eta eragin garbia du San Agustinengan. Bestalde, Plotinoren eragina ere ikus dezakegu; honen filosofiaren gailurrean Bat-a dago; izaki ororen aurretik aurkitzen da, ezaugarri ezagutezinezkoak ditu eta gauza guztiak berarengandik datoz eta berarengana itzultzen dira berriro. Honen aldera, Agustinek Jainkoa proposatzen du Bat-aren ordez, Plotinoren eragina garbi utziz. Honetaz gain, Platonen ideia nagusiak, hau da, ongia lortzeko arrazoia behar dela, ere eragina izan du, Agustinek arrazoia erabiltzeaz gain, gizakiak fedea ere behar duela baitio, honela erabateko zoriontasunera eramango zion ideia nagusia edo Jainkoa bereganatzen du eta. Azkenik, dualismoaren arloan ere Platonek eragina izan zuen. Agustinen dualismoak dioenez, gizakia arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osatua dago, eta arima Bizitzaren parte da, eta esentzia Bizitza den Printzipiotik hartzen du, beraz ezin da hil. Hau Platonek zioenarekin, arima bizitza printzipioa zela eta bizitza heriotzarekin batera ezin daitekeenez ezin dela hil, konparatzen badugu, antzekotasun handia ikus dezakegu.
Tomas Aquinokoa
Fedea eta arrazoimena
Erdi Aroan Aristoteles berrezagutzeak garrantzia handia zuela zioen Tomas Aquinokoak, izan ere, ordura arteko arrazoiaren eta sinesmenaren arteko arazoa konpondu zen aristotelismoari esker. Tomasek zioenez, filosofiaren arrazionaltasuna eta sinesmenaren fedea elkartu egin behar ziren, eta honek teologiari laguntzen dio, haren morroi bihurtu gabe. Aristotelismoan, ezagutza esperientziatik hasi behar da eraikitzen, izan ere, giza adimena materiari lotuta dago, eta arrazoi bideak zentzumenekin harremanetan daude. Beste modu batera esanda, behetik gora ibili behar da; behe ezagutzatik, goragoko ezagutzara. Jainkoaz zerbait jakin nahi badugu, bide hau jarraitu behar da, izan ere, sinesmena goi argiz eratutako jakinduria iturria da, goitik beherako bidea ibili duena, eta horrela, aristotelismoaren bidez, posible izango da azaltzea bi jakinduria horiek ezingo direla ezagutza maila berdinetara iritsi, izan ere, esan bezala, arrazoimena zentzumenekin lotuta dagoenez, bidearen beheko aldean dago, eta sinesmena ordea, bidearen goiko aldean. Honetaz gain, Santo Tomasentzat arrazoiaren bideak, filosofiak, eragozpen asko ditu, eta horregatik, mundu honetako errealitatera bakarrik mugatzen da. Ondorioz, goragoko ezagutzetara igo nahi denean, arrazoimena itsuaren antzera ibiltzen da; erortzeko arriskuarekin. Hala ere, berez espirituzkoa denez, espirituzko izaki gorenak ezagutzeko gaitasuna du. Sinesmena, ordea, gainetik dago, izan ere, jakite ziurra da; jakitate horretan ezagutzak ez du neurri ez mugarik.
Jainkoaren existentzia
Tomas Aquinokoaren ustez, Jainkoa badagoela egia da, eta arrazoimenaren bidez ere froga daiteke: Jainkoaren berri izateko, mundu naturalaz dugun ezagutzatik edo esperientzia pertsonaletatik abiatzen gara. Hala ere, Jainkoa ez da materiazko mundukoa, beraz ezin dugu esperientziatik bakarrik bere berri izan; esperientziatik hasi, eta arrazonamendu prozesu baten ondoren, Jainkoaren berri izango dugu. Hauek dira Santo Tomasek mundu naturala behatzetik eta hausnarketatik ateratako Jainkoaren existentziaren bost frogak:
-Lehen bidea izakiaren higidura edo aldaketa da. Higidura guztietan, higitzen dena eta higiarazten duena bereizten dira, izan ere, ezer ez da aldatzen bakarrik. Eragile eta eraginen katean ezin gara infinituraino joan, eta horregatik, higiduraren lehen higiarazlea, Jainkoa da.
-Bigarren bidea kausa erazlearen ordenean oinarritzen da. Existitzen den orok kausa bat du, eta horrela berriro ere infiniturantz jo ordez, onartu beharra dago kausa erazle guztien jatorrian kausarik gabeko lehen Kausa dagoela; Jainkoa.
-Hirugarren bidea izaki naturalen izaera kontingentea da. Esperientziak erakusten du mundu naturala bilakaeraren eta heriotzaren menpe dagoela, hau da, izaera kontingentea duela. Izaki guztiek izaera hau izango balute, ordea, ez litzateke ezer existituko, dena sortu gabe edo jada hilda egongo litzateke. Horregatik, izaera kontingentea ez duen izaki bat dagoela ikus dezakegu, beharrezkoa eta kausarik gabekoa den izakia; Jainkoa.
-Laugarren bidea izakietan dauden perfekzio mailak dira. Guk gauzak konparatzen ditugu, zerbait beste zerbait baina hobeagoa edo txarragoa dela esanez. Konparazio hauek egitean, kualitate jakin batzuk hartzen ditugu kontutan, baina kualitate hauek guztiak era perfektu batean dituen izakiaren irudia egitera jotzen dugu; irudi hau Jainkoa da.
-Bosgarren bidea helburuzko kausa kontzeptu aristotelikoa da. Izaki naturalen mundua ez da kaotikoa, ordenatuta dago, eta bakoitzak bere helburua du. Ordena hau eta helburuak izate hau ez da zoriz gertatu, eta bakoitzari helburua eman dion eta helburua lortzen bideratzen duen norbait dago, hau da, Jainkoa.
Descartesen arrazionalismoa
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
René Descartes Frantzian jaio zen 1596. urtean. Garai haietan, zientziak gero eta indar gehiago zuela eta, hainbat aldaketa gertatzen dira gizartean; absolutismoa ezartzen da monarkia gehienetan, eta hori dela eta, Eliza katolikoaren Kontraerreforma gertatzen da, zientziak aurrera egiten duela. Descartes familia noble batean jaio ze, eta jesuiten ikastetxe batean hezi zen. Geroago, zuzenbide lizentziatura eskuratu zuen, eta urte batzuk beranduago, katoliko eta protestanteen arteko Hogeita hamar urteko gerratean parte hartu zuen boluntario gisa. Hala ere, bere filosofiarekiko interesa Danubio ibai bazterrean zegoela izan zuen ikuspen batengatik dela esan genezake; ikuspen honetan, dei jainkotiar bat sentitu zuen, jakintza orori oinarria emango zion filosofia erreformatzeko esanez. Horrela, ondorengo urteetan Europatik bidaiatzen ibili zen inspirazio bila, eta azkenik Holandan hartu zuen bizilekua, bertan bere gogoetak egiteko bakea baitzeukan. Azkenik, Suediako Kristina erreginak deituta, Estokolmora joan zen, eta bertan birikeriak jota hil zen.
Arrazionalismoaren ezaugarri orokorrak
Arrazionalismoa ezagutzaren iturri gisa arrazoia erabiltzeari deitzen zaio, eta Descartesek arrazionalismo modernoa sortu zuen. Descartesen ustez, arrazoiak, bere gainetik ezagutza lortzeko, ez du beste irizpiderik onartzen, eta hainbat ezaugarri ditu. Hasteko, arrazionalismoaren ezaugarri nagusia arrazoian konfiantza edukitzea da, hau da, arrazoia ezagutza iturri garrantzitsuena da eta baliozko ezagutza sor dezakeen bakarra. Honetaz gain, ezagutza sentikorra gutxietsi egin behar da, izan ere, zentzumenek sarritan engainatu egiten gaituzte eta hutsak egitera bultzatzen gaituzte, ezagutza sentikorra ezin baita unibertsala izan. Gainera, arrazionalismoak zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna adierazten du, hau da, zientziako judizioek, arrazionalismoaren ikuspuntutik, baliagarriak izan behar dute kasu guztietarako; unibertsalak, eta nahitaez horrela izan behar dute; beharrezkoak. Azkenik, aipatzekoa da munduaren arrazionaltasuna, hau da, gertaera orok justifikazio edo kausa bat duela, eta kausa hori ezaugarria da arrazoiarentzat, bere kabuz ezagut dezake eta.
Metodoa Descartesengan
Descartesen garaian, pentsalari guztiak egiaren aurkikuntza lortzeko metodo baten bila zebiltzan, baita Descartes bera ere. Honen ustetan, gizakiaren ezagutza urria metodo egoki baten faltari zor zaio, eta horregatik, lan metodo egokia bilatzen arituko da. Descartesek, filosofia erreformatuko duen metodoa sortu nahi du, izan ere, orduraino erabilitako metodo Aristotelikoa edo silogismoen metodoak ez zuen asko laguntzen, izan ere, bere ustez, zientziak erabiltzen dituen antzeko metodoak filosofian txertatu beharko lirateke, horrela filosofiak ere aurrera egin dezan. Horrela, Elizaren eta Aristotelesen irizpideetatik eta silogismotik ihes egingo du, eta metodo iraultzaile bat proposatuko du, bere eredua matematikan oinarrituta dagoelarik. Metodo hau gehienbat Metodoaren diskurtsoa izeneko liburuan jorratuko du, eta Descartesen ustez, metodo hau erregela ziur eta errazen multzo bat da, eta berari esker kontzeptu faltsuak egietatik baztertzea lortuko dugu, lau pauso jarraituz; nabaritasuna; ezer ez da egia nabaria ez bada, analisia; aztertzen duguna zatitu, sintesia; egiatzat dugunetik abiatuta egia gehiago atera; eta zerrendaketa; ateratako ideiak berrikusi.
Intuizioa eta dedukzioa. Analisia eta sintesia
Descartesek egia ezagutzeko metodo bat sortzen du, eta hau lau pausotan garatzen da, helburu gisa lehen egia aurkitzea duela. Lehen pausoa, nabaritasuna da, hau da; ezer ez da egia erabat nabaria ez bada. Lehen pauso hau gauzatzeko, argitasuna eta bereizkortasuna kontutan eduki behar ditugu; ideia bat argia bada, besteetatik bananduta egongo da, eta bereizia bada, beraren zatiak elkarren artean bananduta egongo dira. Bigarren pausoa, analisia da; aztertzen dugun oro, ahalik eta gehien zatitzea hain zuzen. Zatiketa honetan intuizioak parte hartzen du, hau da, gauzen espirituaren hautemate soil eta berehalakoa gertatzen da, zalantzarik izateko unerik eman gabe. Hirugarren pausoa, sintesia da; gogoetak orden batean zuzentzen dira, objektu soiletatik konplexuagoetara igoz orden batean. Sintesi hau dedukzioari esker gertatzen da, hau da, proposizio ziur batetik beste batzuen arrazoiketa gauzatzea.. Azkenik, laugarren pausoa zerrendaketa da; egindako sintesiak zerrendatu egin behar dira, eta berrikusi, ezer ez dugula ahaztu ikusiz eta oroimenaren ahultasunari aurre eginez.
Zalantza metodikoa eta lehen ziurtasuna: cogito-a
Descartesek bere metodoan oinarrituriko zalantza metodikoa proposatu zuen, horretarako matematika oinarri gisa erabiliz, filosofiaren eta zientziaren eraikuntza lortuz. Lehen printzipio hauek lortzeko, zalantza metodikoa erabiliko du, izan ere, printzipio hauek nabariak eta zalantza gabekoak izan behar dute. Zalantzak, bi funtzio ditu; garbiketa gnoseologikoa egitea eta ziurtasun iturria izatea. Garbiketa gnoseologikoa hondakinak kentzeko egiten da, horretarako existitzen den oro zalantzan jarriz, baita zentzumen bidez jasotako guztia ere, eta ziurtasun iturriari dagokionez, zalantza ziurtasunak lortzeko tresna dela esan genezake. Beraz, zalantza metodikoaren bidez, dakigun oro baztertu eta pentsatzen jarriz gero, lehen ziurtasunera iritsiko gara; “cogito ergo sum”, hau da, pentsatzen ari garenez, pentsamendua existitzen dela ziur gaude, eta hortik geure existentziaz ziur egon gaitezke, izan ere “pentsatzen dut, beraz, banaiz”. Duda prozesuaren ondoren eta lehen ziurtasun honetara iritsi ondoren, Descartesek geure existentzia frogatzen digu, eta hortik haurrera, sintesira eta zerrendaketara pasa gaitezke.
Ideia motak: adbentziak, faktiziak eta jatorrizkoak
Ideiak esanahi asko ditu, baina Descartesentzat, ideia pentsamendu bat da. Lehen ziurtasuna aurkitu ondoren, pentsalari honek pentsamendura jotzen du Jainkoaren eta mundu fisikoaren existentzia frogatzeko, beraz, ideietara jotzen du. Descartesek ideien sailkapen bat egiten du, jatorrizko ideiak, irudimenezko ideiak eta ideia eratorriak bereiziz. Jatorrizko ideiak jaiotzetik ditugun ideiak dira, geure barnean aurkitzen direnak, hau da, geure existentziaren ideia adibidez. Ideia eratorriak berriz, kanpoko mundu fisikotik hartutako ideiak dira, eta irudimenezko ideiak geure imajinazioan sortutako ideiak direla dio Descartesek. Hiru hauetatik, ideia garrantzitsuenak jatorrizko ideiak dira, izan ere, bere filosofiaren erdigunea dira, geurekin jaio direlako. Horrela, jatorrizko ideietatik abiatuz, beste ideiak gauzatu ditzakegu, eratorriak mundu fisikotik geureganatuz eta irudimenezkoak ideiak sortuz.
Jainkoa eta munduaren existentzia
Descartesek, “Ni”-aren existentzia frogatu ondoren, Jainkoaren eta munduaren existentzia frogatzen saiatuko da. Berriro ere pentsamendutik abiatzen da, eta horretarako pentsamendu ezberdinak ideia bezala definituko ditu, hiru mota bereiziz; jatorrizkoak, eratorriak eta irudimenezkoak. Hasteko, Jainkoaren existentzia frogatzeko, argudio ugari erabiltzen ditu. Descartesentzat, Jainkoa sustantzia mugagabea, betierekoa eta ahalguztiduna da, eta horrela, lehen argudiora iritsiko gara, hau da, nik sustantzia mugatua izanik, sustantzia mugagabearen ideia dut, sustantzia mugagabeak nire espirituan jarri duelako; menpekotasun argudioa. Bestalde, izaki mugagabe edo infinituan, Jainkoan, ezin dira existentzia eta esentzia banatu, eta izaki perfektua existentziarik gabe ezin denez ulertu eta ulertzen dugunez, Jainkoa bada. Beraz, honela Jainkoaren existentzia frogatuta geratzen da, eta orain, munduaren existentzia bakarrik frogatzea falta da, horretarako berriro ere pentsamendura joz. Horrela, pentsamenduan gauza sentigarrien ideia aurkituko dugu, eta hauek existitu egiten dira, izan ere; gauza sentigarriak Jainkoak sortu ditu, eta Jainkoa ahalguztiduna, infinitua eta perfektua denez, gauza sentigarriak badira, Jainkoak ez gaitu engainatuko eta.
Pasioak eta askatasunak
Descartesek zioenez, pasioak (padecere) ez dira gizakiaren ekintza baten fruitu, hau da, gizakiari nahigabe gertatzen zaizkionak baizik. Filosofoaren ustetan, hauek gorputzeko zenbait organok sortzen dituzten “izpirituei” esker sortzen dira, eta horregatik ezin dira ekidin. Hala ere, horrek ez du esan nahi pasioak txarrak direnik, izan ere pasioak mendean hartuta profitagarriak izan daitezke. Pasioek eragina dute gorputzeko organoetan, eta horregatik, Descartesen ustetan gaixotasun fisikoak izpirituaren gorabehera hauengatik sortzen dira. Pasio nagusiak harridura edo miresmena, maitasuna, gorrotoa, desira, poza eta tristura dira.
-Harridura: Garunean kokatzen da, eta Descartesentzat oso baliagarria da, ikasteko gogoa pizten baitu. Pasio hau benetako jakintsuei nagusitzen zaie bizitza osoan zehar, eta horregatik hauek bizitza osoan zehar harritzeko gaitasuna dute.
-Maitasuna eta gorrotoa: Ariman sortzen dira, eta maitasunak onura egiten diguna bilatzera bultzatzen gaituen bitartean, gorrotoak kalte egiten diguna bilatzera bultzatzen gaitu.
-Desira: Arimaren asaldura da, nahi duguna eskuratzera eta gordetzera eramaten gaituena. Onerako denean, maitasuna, itxaropena eta alaitasunari dago lotuta, eta txarrerako denean, gorroto eta tristurari lotuta.
-Alaitasuna eta tristura: Gauzek garunean uzten diguten emaitza dira.

12 comentarios:

  1. Maiteizut! Seriyo eskerrikasko, kiston ondo dao zure bloga ta lan ikearriya indezula iruitze zait! Benga, ondo segi ;)

    ResponderEliminar
  2. Eskerrikasko, benetan lagungarria!

    ResponderEliminar
  3. Salvasiiooooooon! milesker :)))

    ResponderEliminar
  4. Buooo eskerrikasko!!!!! Igande arrats batien onena hau hamen dauela ikustea da!!!

    ResponderEliminar
  5. olabidetarrak utzi kopiatzeari

    ResponderEliminar
  6. Selektibitaterako prest, lagunok? (>_<)

    ResponderEliminar