GAIAK

martes, 7 de junio de 2011

FILO (kurso osoa)


Antzinako filosofia
Sofistak
Eszeptizismo epistemologikoa, erlatibismo morala eta legeen konbentzionaltasuna
Antzinako Atenaseko demokraziak, hiritarrei asanbladetan hitz egiteko eskubidea aitortzen zien. Asanbladetan ondo eztabaidatzeko eta arrazoia izateko, ezinbestekoa zen hitzaren erabilera egoki eta limurtzailea izatea. Sofistak, atzerritik etorritako eta batzarretan hitz egiteko eskubiderik ez zuten pertsonak ziren, eta hauek hiritarrei elkarrizketa teknikak saltzen zizkieten. Sofistek, arazo berriak kaleratu zituzten, filosofo zaharren hausnarketak atzean utziz, eta filosofia berezia zuten. Alde batetik, eszeptizismo epistemologikoa aldarrikatzen zuten, hau da, beraiek ziotenez, ez dago egi edo ongi absoluturik, eta gainera, existituko balitz ezingo genuke ezagutu. Bestalde, honekin lotuta, erlatibismo morala ere aldarrikatzen zuten, izan ere, beren ustez, objektu, gertakari eta egoera guztiak aldi baterako dira, eta ondorioz ez dago egi absoluturik, existitzen den oro erlatiboa baita. Honetaz gain, esan beharra dago legeen konbentzionaltasuna ere babesten zutela, beraientzat ez baitzeuden lege egoki edo okerrik, hau da, ez dago on edo txarrik, gizakiak egiten ditu lege eta gertakariak on edo txar. Beste modu batera esanda, sofistek beren argudioak beraiei komeni zitzaienean on gisa eta beste batzuetan txar gisa erabiltzen zituzten, oso modu erlatiboan. Esan beharra dago, Platon eta Sokrates erabat kontran zeudela sofistekin, eta hau beren ideia unibertsal eta on absolutuarekin antzeman daiteke.
Sokrates
Antierlatibismo morala, definizio unibertsalak, maieutika eta intelektualismo morala
Sokrates sofisten pentsamenduaren kontra zegoen erabat, izan ere, hauek proposatutako erlatibismoaren kontra zegoen. Sokratesek antierlatibismo morala aldarrikatzen zuen, hau da, berak guztientzat baliagarria den araua proposatu zuen, nahiz eta hau utopia bat izan. Beraz, sofisten pentsaerari kontra egiteko, Sokratesek elkarrizketa bidezko argudiaketa eta definizio unibertsalak proposatu zituen. Elkarrizketari dagokionez, filosofoak ironia eta maieutika erabiltzen zituen egia lortzeko; ironiaren bidez, hau da, ezjakinaren itxura eginez, solaskidea zalantzan jarri eta gezurraren aitorpena lortzen zuen, erantzun desegokiak baztertuz, eta maieutikaren bitartez, Sokratesek geure barnean dauden ezagutzak kanpora ateratzen laguntzen digu; izan ere, bere ustetan, ezagutza geure barneko edukiak kanporaraztean datza. Honetaz gain, Sokratesek, erlatibismoaren aurka definizio unibertsalak proposatuko ditu, hau da, Sokratesentzat benetako ongia existitzen zen, eta ezagutu egin behar zen, honek giza portaera baldintzatzen zuelako. Ongi edo egi hau norberak bere baitan aurkitu behar du, eta horretarako, gorago aztertutako ironia eta maieutika erabiltzen ditu.
Platon
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
Platon Atenasen jaio zen K.a. 427an, bertako familia noble batean. Esan beharra dago garai haietan, hainbat gerra zirela medio, Atenas beherakada sakon batean dagoela, eta demokratizazio prozesuan murgilduta dagoela. Esan bezala, Platon familia aberatsekoa zenez, Platoni goi mailako familien heziera eman zitzaion, eta karrera militarraren oinarrizko hezkuntza jaso zuen. Beranduago, Sokrates ezagutu zuen, erretorika eta elkarrizketan oso trebea, eta bere ikasle egin zen. Horrela, Platonek Sokratesen jakinduria bereganatu zuen, baina geroago ordea, maisuari heriotza zigorra ezarri zitzaion atzerriko jainkoen aldeko sinesmena bultzatzeagatik, eta honek Platon asko hunkitu zuen. Horrela, Sokrates hil ostean, Platon Siziliara joaten da, eta bertan Dion ezagutu zuen. Hasieran adiskideak ziren arren, gero Dionek begitan hartu zuen eta salgai jarri zuen Platon, esklabo gisa, eta horrela, Platonen lagun batek erreskatea ordaindu eta Atenasera itzuli zen. Azkenik, hemen Akademia izeneko eskola bat sortu zuen, non matematika, astronomia eta zientziak erakusten ziren.
Ideien teoria
Ideien teoria Platonen filosofiaren ardatza da. Teoria honen bidez, Platonek bi mundu desberdinen existentzia frogatzen du; mundu fisikoa eta ideien mundua. Mundu fisikoari dagokionez, haitzuloaren alegoriako kobazulo barnea dela esan genezake, eta Platonek dioenez bertan irudi eta objektuak daude, eta hauek ez-perfektuak, aldakorrak eta ugariak dira. Bestalde, ideien mundua kobazulotik kanpo dagoena da, bertan ideiak daudela dio filosofoak eta hauek perfektuak, aldaezinak, betierekoak eta bakarrak dira. Platonen ustetan mundu hau oso garrantzitsua da, izan ere, arrazoiaren erabileraz bakarrik lor daiteke, eta mundu fisikoan dauden objektuen abiapuntua da. Horretaz gain, esan beharra dago ideiak ez direla inoiz desagertzen, eta dialektika dela beraien azterketaz eta ezagutzaz arduratzen dena; horregatik, agintari on batek dialektika ezagutu behar du. Honekin batera, Platonek ezagutzan ere bereizketa bat egiten du; sasi ezagutza, mundu fisikoari dagokiona eta zentzuen bidez lortzen dena, eta benetako ezagutza, ideien munduari dagokiona eta arrazoimenaren bidez lortzen dena. Azkenik, esan beharra dago ideien munduko ideia gorena, hau da ongia, haitzuloaren mitoko eguzki bezala aurkituko dugula.
Ezagutzaren teoria: zientzia eta iritzia. Dialektika.
Filosofiaren egiteko nagusia ezagutza lortzea da; ideiak ezagutzea, ongia ezagutzea. Era berean, ezagutzak giza portaera baldintzatzen du, eta jokaera okerra ez-jakituriari dagokio. Platonek, haitzuloaren alegoriaren bitartez, bi mundu bereizten ditu; mundu fisikoa, mitoko kobazuloa, eta ideien mundua, kobazulotik kanpo dagoena. Beraz, bi mundu bereizi dituenez, bi ezagutza maila bereizten ditu; doxa edo iritzia eta episteme edo zientzia. Doxa, mundu sentigarrikoa denez, bigarren mailako ezagutza da, eta zentzumenek eskuratutako informazioan oinarritzen den ezagutza da, jaio eta hil egiten denari ezartzen zaion jakintza. Doxaren barruan, suposizioa, zentzumenez antzemandako objektuari lotzen zaion ezagutza, eta ilusioa, objektu sentigarrien itxurei dagokien ezagutza maila, bereizten dira. Bestalde, episteme edo zientziari dagokionez, ideien munduko ezagutza denez, lehen mailako ezagutza dela esaten da, izaki iraunkorrei dagokiena, goi mailako ezagutza eta absolutua dena. Hemen, propedeutika, arrazonamenduz ezagutza lortzea, eta dialektika, ongia aztertzea, bereizten dira. Esan beharra dago, Platonen ustetan, gobernariek dialektika ezagutu behar dute, horrela bakarrik lortuko baitute modu egoki eta absolutu batean gobernatzea.
Ongiaren kontzeptua
Platonen esanetan, mundu fisikoari dagokion ezagutzatik ideien munduari dagokion ezagutzara igotzea ezinbestekoa da jakinduria eskuratzeko, izan ere, ideien munduan bakarrik aurkitzen baita ezagutza maila gorena; dialektika, ongiaren azterketaz arduratzen dena. Haitzuloaren alegorian ikus dezakegunez, hasieran gizakia haitzuloan dago eta itzalak bakarrik ikusten ditu, hau da, gizakiak mundu fisikoaren ezagutza bakarrik du, eta itzalak bakarrik ikusten ditu. Ondoren ordea, haitzulotik ateratzean, ideien mundurako jauzia egiten du, eta oraingoan benetako ezagutza lortzen du, hau da zientzia. Mundu honetan, ideia gorena ezagutuko du gizakiak, hau da, ongia, alegorian eguzkia bezala irudikatua. Beraz, Platonek zioenez, ongia ideien munduko ideia gorena da, ezagutza maila altuena, eta gobernari eta filosofoek bere ezagutza izan behar dute. Mundu fisikotik ideien mundurako jauzi hau arimari esker gertatzen da, izan ere, Platonek erreminiszentzia aldarrikatzen du; arimak ongiaren ideia badu, aurreragoko bizitza batean lortutakoa, baina berriro gogoratu behar du ongia zer den.
Dualismo antropologikoa: gorputza eta arima. Arimaren teoria.
Platonek dualismoa aldarrikatzen du, eta hau ulertzeko, ezinbestekoa da arimaren teoria kontutan hartzea. Platonen ustez gizakia bi osagaiez osatuta dago: arima, gizakiaren zati hilezina, eta gorputza, gizakiaren zati hilkorra, arimaren kartzela dena. Honela, arimaren teorian dioenez, Platonek arimak hiru zati dituela aldarrikatzen du, zati arrazionala, zati oldarkorra eta zati irritsua. Zati arrazionalari edo arrazoi arima, gizakiaren goi-mailako gaitasuna da, buruan kokatzen da eta gobernariei nagusitzen zaie. Zati oldarkorra edo sumenezko arimak, ordea, mendeku, ausardia edo koldarkeria bezalako sentimenduak biltzen ditu, bihotzean dago eta soldaduei nagusitzen zaie. Eta azkenik, irritsezko arima dugu. Honek bizirik irauteko sena, plazera, mina eta bestelako nahikeriak sentitzen ditu, eta langileetan aurki dezakegu. Hiru arima hauetan garrantzitsuena arrazoi arima da eta enparauei nagusitu behar zaie, izan ere, zati hau da hiltzen ez den bakarra; arima honen helburua gorputzetik irtetea da, honela ideien mundura itzultzeko aukera izango baitu. Platonek gurdiaren metafora erabiltzen du arimaren teoria azaltzeko, non arima arrazionala gidaria gisa, arima oldarkorra zaldi zuri gisa eta irritsezko arima zaldi beltz gisa azaltzen diren.
Bertuteak eta hiri ideala
Platonek gizakiengan hiru bertute edo gaitasun bereizten ditu: zuhurtasuna, sendotasuna eta neurritasuna. Bertute hauetan oinarrituta, filosofoak estatu edo hiri idealaren proposamen bat egingo du, izan ere, Platonentzako politika arlo oso garrantzitsua da, eta zoriontasuna bere modeloaren arabera bakarrik lor daitekeela dio. Hiri ideal honetan, Platonek gizarte banaketa egiten du, oso modu klasista batean, eta hiru bereizketa egiten ditu; gobernariak, soldaduak eta langileak. Gobernariak zuhurtasuna dute bertute bezala, eta ondorioz, gizartearen buru izan behar dute, hauek bakarrik baitute ideien munduko ezagutza, eta hiria ondo zuzendu dezakete. Soldaduek, sendotasuna izango dute bertute bezala, eta horrela, hiria defendatzeko gai izango dira. Azkenik, soldaduek bertute gisa neurritasuna izango dute, eta hauek produktugileak izango dira, hau da, gizartearentzako produzitu egingo dutenak. Honetaz gain, proiektu honetan Platonek ondasunak guztienak izango direla dio, ez indibidualak, eta gainera, estatu totalitario bat ezartzen du. Hemendik abiatuta, Platonek sailkapen bat egiten du existitzen diren gobernu moten artean, aristokrazia (jakitunak agintean), timokrazia (gerra zaleak agintean), oligarkia (aberastasuna nahi dutenak agintean), demokrazia (ez jakitunak agintean) eta tirania (demokraziaren askatasunaren ondorioa) bereiziz.
Aristoteles
Platonen ideien teoriaren kritika: hilemorfismoa
Aristotelesek Platonen ideia kontzeptuari kritika egiten dio, izan ere, gauza baten benetako izana ezagutzeko, beste izaki bat behar dugu, ideia, baina hau ezagutzeko, beste bat beharko genuke, eta horrela jarrai genezake, azkenean haserako gauzaren ezagutza gabe geratuz, eta eremu sentikorreko aldaketen azterketa ezinezkoa eginez. Honen haurrean, Aristotelesek, gauzen benetako izaera edo esentzia gauzan bertan dagoela dio, eta ez gauzari dagokion ideian. Honi hilemorfismoa esaten zaio, eta Platonen ideiaren antzeko kontzeptua hartzen du, baina gauzan bertan kokatua. Horrela, formak bi mailako ezaugarriak ditu; esentzialak, beharrezkoak eta hauetako bat aldatuz gero substantziak bere izaera aldatzen du, eta akzidentalak, ez beharrezkoak eta aldatuz gero substantziak izaera kontserbatzen du. Honetaz gain, materiari dagokionez, bi materia mota daude; lehena, Platonen materia soila bezalakoa dena baina inon aurkitu ezin duguna, eta bigarrena; oinarrizko forma hartu duen lehen materia. Azkenik, substantziei dagokienez ere bi direla esan genezake; aktoa, substantzia orain duen formarekin, eta potentzia, izan dezakeen formarekin.
Teoria politikoa: gizatartasuna eta erregimen politikoa
Aristotelesek dioenez, gizakia animalia politikoa da; bizirik irauteko derrigorrezkoa da gizartean bizitzea eta ongi antolatutako gizartean bakarrik lor dezake perfekzioa. Hori dela eta, gizakiak lehenik familia sortzen du, eta familiek gizartea sortzen dute, honek gobernatzeko modu oker eta zuzenak dituelarik, izan ere, gobernu zuzenak usteldu egin daitezke, gobernu okerrak bihurtuz. Gobernaria bakar bat denean, monarkia dela esaten da, eta hemen agintari zuhur batek lege orokorrek baino hobeto epai dezakeela pentsatzen da. Gobernu hau usteltzen denean, tirania sortzen da. Gobernuan ordea gutxi batzuen esku dagoenean, aristokrazia esaten zaio, eta usteltzen denean, oligarkia bihurtzen da. Azkenik, gobernua herriaren esku badago, demokrazia dela esaten da, baina herria hezita ez badago, hau usteldu eta demagogia bilakatzen da. Honetaz gain, gizartea klase desberdinetan banatzea naturala eta egokia dela dio Aristotelesek, esklaboak eta libreak, eta aberatsak eta behartsuak bereiziz. Esklaboek ez dute askatasunik, merkatari eta eskulangileek askatasuna bai baina ez dituzte eskubide guztiak, eta hiritarrak libreak eta eskubide guztien jabe dira.

Erdi aroko filosofia
Agustin Hiponakoa
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
San Agustin Hiponakoa Algeria iparraldean, Tagaste hirian, jaio zen 354. urtean. Garai haietan, Erromako inperioak behera egin zuen, eta erromatar eta kristauen artean borroka bizia zegoen. San Agustinen aita paganoa eta ama kristaua ziren, eta semea kristautasunean hezi zuen, nahiz eta honek kristautasuna utzi nerabezaroan, heldua izandakoan berriro itzultzeko. Agustin Maraudara joan zen bere lehenengo ikasketak egitara, eta jarraian, Cartagora joan zen erretorika ikastera, bertan erretorika eskola bat ireki zuelarik. Geroago, Erromara joan zen, eta hemen plazerez betetako bizitza izan zuen, ondoren Milanen jarraituko zuena. Hala ere, Milanen, kristautasunetik urrun zegoen plazeren bizitza behin betiko utzi zuen, nolabaiteko Jainkoaren seinale baten eraginez, eta kristau zintzoa izatera etorri zen. Ondoren, bataiatu eta apaiz egin zen, Hiponako apezpiku izendatu zutelarik. 430. urtean, San Agustin Hiponakoa hil egin zen, bandaloek Hiponako hiria setiatu zutenean eta Erromak behera egin zuenean.
Fedea eta arrazoimena: ezagutzeko sinetsi
San Agustin eudemonista zen, hau da, gizakia aseko zuen egia aurkitu nahi zuen, zoriontsu izateko. Zoriontsu izateko egia absolutuaz jabetu behar da, hau da, Jainkoaz jabetu behar da. Egia edo Jainkoa lortzeko, arrazoimena eta fedea lotuta egon behar dute, eta hauen arteko erlazioei dagozkienez, ikuspegi asko daude: fideismoa; ulertezina den zerbaitetan sinetsi behar da, nahiz eta ez ulertu; agnostizismoa; Jainkoaren existentzia ezin da arrazoiaren bidez frogatu, adieraztezina baita arrazoiaren bitartez, eta deismoa; arrazoiaren bidez arrazoizko Jainko bat ezagutu eta berarengan fedea eduki dezakegu. Agustinek dioenez, gizakiaren helburua egia aurkitzea da, zoriontasuna lortzeko edo Jainkoa ezagutzeko, eta ezinbestekoa da arrazoimena eta fedea elkarlanean aritzea. Bide honetan, hiru ezagutza maila bereizten dira: ezagutza sentikorra; sentimenen bidez lortutako informaziotik abiatutako ezagutza, benetako egia lortu ezin duena, arrazoizko ezagutza; sentimenetatik jasotako informazioa arrazoimenarekin alderatuz sortutako ezagutza, eta kontenplazioa; Jainkoaren laguntzaz ideiak diren bezala ikustean datza, benetako jakituria eta ideia unibertsalak lortuz. San Agustinek dioenez, Jainkoak gizakia argitzen du, izan ere egia geure barnean dago, baina ez dugu ikusten, eta honekin barnerapena gertatzen da; egia barnean dugu, baina zentzumenek ezin dute ikusi eta ondorioz Jainkoaren argia behar da
Zoriontasuna eta Jainkoa edukitzea
Gizakiaren helburua zoriontasuna lortzea da, hau da, ideia gorena edo Jainkoaren ezagutza izatean, izan ere, zoriontasuna lortzeko ezin gara ondasun galkorretan oinarritu; perfektua eta betierekoa den ondasuna behar da, egonkorra eta suntsiezina den ondasun edo ideia; Jainkoa. Zoriontasuna bizitzaren goi helburua da, eta hau lortutakoan, espirituari lasaitasuna ematen dio. Beraz, zoriontsu izateko Jainkoaren ideia izan behar dugu, eta hau lortzeko, gaiztakerietatik eta bekatutik libre edo garbiak egon behar dugu, honela Jainkoa jasotzeko eta berarekin harremanak izateko aukera izango baitugu. Honela, zoriontasuna ez datza ondasun material eta suntsigarriak edukitzean, hauek galtzean zoriontasuna desagertu egiten baita; benetako zoriontasun absolutua edukitzeko, Jainkoaren ideia izan behar dugu, eta hau lortzeko, esan bezala, bekatutik libre egon behar dugu. Jainkoaren ideia antzematen, jainkoak berak laguntzen digu, hau da, gizakia argitzen du bera antzeman dezan; maisua Jainkoa da.
Jainkoaren existentzia eta ideia eredugarriak
San Agustinen ustetan, Jainkoa arima fededunean frogatuta agertzen da; arima gai da egia eta beharrezkoa den Jainkoa ezagutzeko, baina ezagutza hau ezin liteke gertatu Jainkoaren existentziarik gabe. Jainkoaren eta bere ondorio den arima fededunaren existentzia frogatzeko, San Agustinek hiru argudio erabiltzen ditu: argudio gnoseologikoa; egia existitzen da, eta Jainkoa egiaren funtsa izanik, Jainkoa ere existitzen da, argudio kosmologikoa; kreazioak ezin dio eman gizakiari bilatzen duen zoriontasuna, beraz, Jainko bat dago zoriontasun hori emateko, eta ondorioz Jainkoa munduaren sortzaile bezala onartuta dago, eta agustindar frogapena; betiereko ideietan datza, ideien mugagabetasunean eta beharrezkotasunean, eta ideia eredugarri hauek adimena baino garrantzitsuagoak dira, adimenak beraien aurrean makurtu egin behar baitu. Adimenak argitasun handiago edo txikiagoarekin suma dezake, baina egia beti berdin dago. Beraz, agustindar frogapenak dioenez, ideiak existitzen dira, eta ideiak betierekoak direnez, Jainkoa betierekoa da.
Askatasuna eta gaitzaren arazoa
San Agustinek dioenez gizakia askea da, izan ere horregatik da gizakia, askea delako eta borondatearen autodeterminazioa erabil dezakeelako. Gizakiak, Jainkoarenganako joera izan behar du, honek gizakia sortu zuenean bera maitatzeko agindu baitzion. Gizakiak ongirako joera izan behar du, hau da, Jainkoa maitatzeko joera, baina jatorrizko bekatuagatik, askatasuna galdu zuen. San Agustinen ustez, gizakiak bere buruaz eta bera baino gutxiago diren gauzez gozatzean, bekatua egin zuen, Jainkotik urrunduz. Egoera horretatik altxatzeko, Jainkoaren laguntza behar du; Jainkoaren grazia. Honela, Jainkoa maitatzeko Jainkoaren grazia eta bere laguntza behar dira, eta gaitz moralaren erantzulea gizakia da, ez Jainkoa. Beraz, gizakiak zoriontsua izateko, Ongiarengana itzuli behar du Jainkoaren laguntzaz. Sokratesen ustetan, ekintzen ontasuna eta txartasuna ezagutzaren menpean zeuden bitartean, Agustinek borondatearen menpean daudela dio, eta gizakia ongia lortzen galarazten dioten oztopoetatik askatzea interesatzen zaio. Gaitzei buruz, San Agustinek zioenez gaitz moralen jatorria ongi zehatz baten ausentzia da, eta gizakiaren eta gizartearen ikuspegi pesimista du, bere ustez, Estatu zibilak kristau estatua izatera pasatzen denean bakarrik lortuko baita justizia, horretarako Estatu zibilak kristautasunaren eredua hartu behar duelarik.
Historiaren filosofia: lurreko hiria eta Jainkoaren hiria
410. urtean Erroma suntsitu egin zuten, eta erromatarrek kristauei leporatzen zieten erantzukizuna, hau da, Kristauen Jainkoa erantzulea zela zioten. San Agustinek, Jainkoaren Hiria erromatarren erasoei aurre egiteko idatzi zuen, eta kristauen apologia gisa erabiltzen da, mina eta gaitzaren zentzua azalduz. Gizadiaren kronika bi hirien arteko borroka gisa agertzen da; onaren hiria, Jainkoarena eta argiarena, eta gaitzaren hiria, munduarena eta ilunpekoa. Agustinek gizakiak bi taldetan banatzen ditu; bere burua Jainkoa baino gehiago maite dutenak, munduko hiritarrak, eta Jainkoa bere buruaren mespretxuraino maite dutenak, zeruko hiritarrak. Bi hiriak historian zehar nahasturik agertzen dira, baina azkenean banandu egingo dira, borrokak denboraren amaiera arte irauten duelarik, azkenik Jainkoaren hiria garaile geldituz. Beraz, bi maitasunen arteko liskarra dago; Jainkoarenganako maitasuna eta norberarenganakoa. Jainkoaren hiria ikusezina da, eta horregatik epaiketa arte bi munduak nahastuta daude. Jainkoaren etsaiak ez diren batzuk Elizaren etsai gisa agertzen dira, baina egunen batean Jainkoaren seme bezala onartuak izango dira, eta beste “on” batzuk ez dira salbatuko.
Platonen filosofiaren eragina Agustinengan
Platonen filosofiak asko eragin zuen Agustinengan. Lehenik, neoplatonismoa aurki dezakegu; platondar izaeradun filosofia honek Platonen pentsamenduaz gain, beste antzinako filosofien ideiak elkartzen ditu, eta eragin garbia du San Agustinengan. Bestalde, Plotinoren eragina ere ikus dezakegu; honen filosofiaren gailurrean Bat-a dago; izaki ororen aurretik aurkitzen da, ezaugarri ezagutezinezkoak ditu eta gauza guztiak berarengandik datoz eta berarengana itzultzen dira berriro. Honen aldera, Agustinek Jainkoa proposatzen du Bat-aren ordez, Plotinoren eragina garbi utziz. Honetaz gain, Platonen ideia nagusiak, hau da, ongia lortzeko arrazoia behar dela, ere eragina izan du, Agustinek arrazoia erabiltzeaz gain, gizakiak fedea ere behar duela baitio, honela erabateko zoriontasunera eramango zion ideia nagusia edo Jainkoa bereganatzen du eta. Azkenik, dualismoaren arloan ere Platonek eragina izan zuen. Agustinen dualismoak dioenez, gizakia arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osatua dago, eta arima Bizitzaren parte da, eta esentzia Bizitza den Printzipiotik hartzen du, beraz ezin da hil. Hau Platonek zioenarekin, arima bizitza printzipioa zela eta bizitza heriotzarekin batera ezin daitekeenez ezin dela hil, konparatzen badugu, antzekotasun handia ikus dezakegu.
Tomas Aquinokoa
Fedea eta arrazoimena
Erdi Aroan Aristoteles berrezagutzeak garrantzia handia zuela zioen Tomas Aquinokoak, izan ere, ordura arteko arrazoiaren eta sinesmenaren arteko arazoa konpondu zen aristotelismoari esker. Tomasek zioenez, filosofiaren arrazionaltasuna eta sinesmenaren fedea elkartu egin behar ziren, eta honek teologiari laguntzen dio, haren morroi bihurtu gabe. Aristotelismoan, ezagutza esperientziatik hasi behar da eraikitzen, izan ere, giza adimena materiari lotuta dago, eta arrazoi bideak zentzumenekin harremanetan daude. Beste modu batera esanda, behetik gora ibili behar da; behe ezagutzatik, goragoko ezagutzara. Jainkoaz zerbait jakin nahi badugu, bide hau jarraitu behar da, izan ere, sinesmena goi argiz eratutako jakinduria iturria da, goitik beherako bidea ibili duena, eta horrela, aristotelismoaren bidez, posible izango da azaltzea bi jakinduria horiek ezingo direla ezagutza maila berdinetara iritsi, izan ere, esan bezala, arrazoimena zentzumenekin lotuta dagoenez, bidearen beheko aldean dago, eta sinesmena ordea, bidearen goiko aldean. Honetaz gain, Santo Tomasentzat arrazoiaren bideak, filosofiak, eragozpen asko ditu, eta horregatik, mundu honetako errealitatera bakarrik mugatzen da. Ondorioz, goragoko ezagutzetara igo nahi denean, arrazoimena itsuaren antzera ibiltzen da; erortzeko arriskuarekin. Hala ere, berez espirituzkoa denez, espirituzko izaki gorenak ezagutzeko gaitasuna du. Sinesmena, ordea, gainetik dago, izan ere, jakite ziurra da; jakitate horretan ezagutzak ez du neurri ez mugarik.
Jainkoaren existentzia
Tomas Aquinokoaren ustez, Jainkoa badagoela egia da, eta arrazoimenaren bidez ere froga daiteke: Jainkoaren berri izateko, mundu naturalaz dugun ezagutzatik edo esperientzia pertsonaletatik abiatzen gara. Hala ere, Jainkoa ez da materiazko mundukoa, beraz ezin dugu esperientziatik bakarrik bere berri izan; esperientziatik hasi, eta arrazonamendu prozesu baten ondoren, Jainkoaren berri izango dugu. Hauek dira Santo Tomasek mundu naturala behatzetik eta hausnarketatik ateratako Jainkoaren existentziaren bost frogak:
-Lehen bidea izakiaren higidura edo aldaketa da. Higidura guztietan, higitzen dena eta higiarazten duena bereizten dira, izan ere, ezer ez da aldatzen bakarrik. Eragile eta eraginen katean ezin gara infinituraino joan, eta horregatik, higiduraren lehen higiarazlea, Jainkoa da.
-Bigarren bidea kausa erazlearen ordenean oinarritzen da. Existitzen den orok kausa bat du, eta horrela berriro ere infiniturantz jo ordez, onartu beharra dago kausa erazle guztien jatorrian kausarik gabeko lehen Kausa dagoela; Jainkoa.
-Hirugarren bidea izaki naturalen izaera kontingentea da. Esperientziak erakusten du mundu naturala bilakaeraren eta heriotzaren menpe dagoela, hau da, izaera kontingentea duela. Izaki guztiek izaera hau izango balute, ordea, ez litzateke ezer existituko, dena sortu gabe edo jada hilda egongo litzateke. Horregatik, izaera kontingentea ez duen izaki bat dagoela ikus dezakegu, beharrezkoa eta kausarik gabekoa den izakia; Jainkoa.
-Laugarren bidea izakietan dauden perfekzio mailak dira. Guk gauzak konparatzen ditugu, zerbait beste zerbait baina hobeagoa edo txarragoa dela esanez. Konparazio hauek egitean, kualitate jakin batzuk hartzen ditugu kontutan, baina kualitate hauek guztiak era perfektu batean dituen izakiaren irudia egitera jotzen dugu; irudi hau Jainkoa da.
-Bosgarren bidea helburuzko kausa kontzeptu aristotelikoa da. Izaki naturalen mundua ez da kaotikoa, ordenatuta dago, eta bakoitzak bere helburua du. Ordena hau eta helburuak izate hau ez da zoriz gertatu, eta bakoitzari helburua eman dion eta helburua lortzen bideratzen duen norbait dago, hau da, Jainkoa.

Filosofia modernoa
Berpizkundea eta zientzia iraultza
Ezaugarri orokorrak: gizartearen eraldaketa, antropozentrismoa eta zientzia iraultza
Berpizkundean, Absolutismoaren gorakada, Elizaren kontraerreforma eta Zientzia iraultza gertatu ziren. Absolutismoari dagokionez, Erdi Aroan jauntxoek lortutako boterea Erregeek berreskuratuko dute, hainbat baliabide erabiliz, eta horrela, erregeen boterea handituz joango da. Mugimendu honi dagokionez, esan beharra dago ez dela garai historiko bat bakarrik, baizik eta pentsamolde eta jarrera bat ere badela, familia, gizartea, politika eta antzeko arloetan eragin nabarmena baitu. Bestalde, garai haietan, Elizaren kontrarreforma gertatuko da. Hau, egindako erreformagatik, erregeen botere handitzearengatik eta zientziaren gorakadagatik gertatuko da, eta ondorioz, Elizak indar asko galduko du, ordura arte jakintza guztia monopolizatzen baitzuen. Beraz, Elizak behera eta Zientziak gora egingo dute, eta aipatzekoa da zientziaren gorakada hau filosofia modernoaren sorrerarekin lotuta dagoela. Koperniko, Kepler, Galileo eta Descartes bezalakoek zientzia berrien zutabeak ipini zituzten, eta horrela, zientzia garatzen hasiko da.
Descartesen arrazionalismoa
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
René Descartes Frantzian jaio zen 1596. urtean. Garai haietan, zientziak gero eta indar gehiago zuela eta, hainbat aldaketa gertatzen dira gizartean; absolutismoa ezartzen da monarkia gehienetan, eta hori dela eta, Eliza katolikoaren Kontraerreforma gertatzen da, zientziak aurrera egiten duela. Descartes familia noble batean jaio ze, eta jesuiten ikastetxe batean hezi zen. Geroago, zuzenbide lizentziatura eskuratu zuen, eta urte batzuk beranduago, katoliko eta protestanteen arteko Hogeita hamar urteko gerratean parte hartu zuen boluntario gisa. Hala ere, bere filosofiarekiko interesa Danubio ibai bazterrean zegoela izan zuen ikuspen batengatik dela esan genezake; ikuspen honetan, dei jainkotiar bat sentitu zuen, jakintza orori oinarria emango zion filosofia erreformatzeko esanez. Horrela, ondorengo urteetan Europatik bidaiatzen ibili zen inspirazio bila, eta azkenik Holandan hartu zuen bizilekua, bertan bere gogoetak egiteko bakea baitzeukan. Azkenik, Suediako Kristina erreginak deituta, Estokolmora joan zen, eta bertan birikeriak jota hil zen.
Arrazionalismoaren ezaugarri orokorrak
Arrazionalismoa ezagutzaren iturri gisa arrazoia erabiltzeari deitzen zaio, eta Descartesek arrazionalismo modernoa sortu zuen. Descartesen ustez, arrazoiak, bere gainetik ezagutza lortzeko, ez du beste irizpiderik onartzen, eta hainbat ezaugarri ditu. Hasteko, arrazionalismoaren ezaugarri nagusia arrazoian konfiantza edukitzea da, hau da, arrazoia ezagutza iturri garrantzitsuena da eta baliozko ezagutza sor dezakeen bakarra. Honetaz gain, ezagutza sentikorra gutxietsi egin behar da, izan ere, zentzumenek sarritan engainatu egiten gaituzte eta hutsak egitera bultzatzen gaituzte, ezagutza sentikorra ezin baita unibertsala izan. Gainera, arrazionalismoak zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna adierazten du, hau da, zientziako judizioek, arrazionalismoaren ikuspuntutik, baliagarriak izan behar dute kasu guztietarako; unibertsalak, eta nahitaez horrela izan behar dute; beharrezkoak. Azkenik, aipatzekoa da munduaren arrazionaltasuna, hau da, gertaera orok justifikazio edo kausa bat duela, eta kausa hori ezaugarria da arrazoiarentzat, bere kabuz ezagut dezake eta.
Metodoa Descartesengan
Descartesen garaian, pentsalari guztiak egiaren aurkikuntza lortzeko metodo baten bila zebiltzan, baita Descartes bera ere. Honen ustetan, gizakiaren ezagutza urria metodo egoki baten faltari zor zaio, eta horregatik, lan metodo egokia bilatzen arituko da. Descartesek, filosofia erreformatuko duen metodoa sortu nahi du, izan ere, orduraino erabilitako metodo Aristotelikoa edo silogismoen metodoak ez zuen asko laguntzen, izan ere, bere ustez, zientziak erabiltzen dituen antzeko metodoak filosofian txertatu beharko lirateke, horrela filosofiak ere aurrera egin dezan. Horrela, Elizaren eta Aristotelesen irizpideetatik eta silogismotik ihes egingo du, eta metodo iraultzaile bat proposatuko du, bere eredua matematikan oinarrituta dagoelarik. Metodo hau gehienbat Metodoaren diskurtsoa izeneko liburuan jorratuko du, eta Descartesen ustez, metodo hau erregela ziur eta errazen multzo bat da, eta berari esker kontzeptu faltsuak egietatik baztertzea lortuko dugu, lau pauso jarraituz; nabaritasuna; ezer ez da egia nabaria ez bada, analisia; aztertzen duguna zatitu, sintesia; egiatzat dugunetik abiatuta egia gehiago atera; eta zerrendaketa; ateratako ideiak berrikusi.
Intuizioa eta dedukzioa. Analisia eta sintesia
Descartesek egia ezagutzeko metodo bat sortzen du, eta hau lau pausotan garatzen da, helburu gisa lehen egia aurkitzea duela. Lehen pausoa, nabaritasuna da, hau da; ezer ez da egia erabat nabaria ez bada. Lehen pauso hau gauzatzeko, argitasuna eta bereizkortasuna kontutan eduki behar ditugu; ideia bat argia bada, besteetatik bananduta egongo da, eta bereizia bada, beraren zatiak elkarren artean bananduta egongo dira. Bigarren pausoa, analisia da; aztertzen dugun oro, ahalik eta gehien zatitzea hain zuzen. Zatiketa honetan intuizioak parte hartzen du, hau da, gauzen espirituaren hautemate soil eta berehalakoa gertatzen da, zalantzarik izateko unerik eman gabe. Hirugarren pausoa, sintesia da; gogoetak orden batean zuzentzen dira, objektu soiletatik konplexuagoetara igoz orden batean. Sintesi hau dedukzioari esker gertatzen da, hau da, proposizio ziur batetik beste batzuen arrazoiketa gauzatzea.. Azkenik, laugarren pausoa zerrendaketa da; egindako sintesiak zerrendatu egin behar dira, eta berrikusi, ezer ez dugula ahaztu ikusiz eta oroimenaren ahultasunari aurre eginez.
Zalantza metodikoa eta lehen ziurtasuna: cogito-a
Descartesek bere metodoan oinarrituriko zalantza metodikoa proposatu zuen, horretarako matematika oinarri gisa erabiliz, filosofiaren eta zientziaren eraikuntza lortuz. Lehen printzipio hauek lortzeko, zalantza metodikoa erabiliko du, izan ere, printzipio hauek nabariak eta zalantza gabekoak izan behar dute. Zalantzak, bi funtzio ditu; garbiketa gnoseologikoa egitea eta ziurtasun iturria izatea. Garbiketa gnoseologikoa hondakinak kentzeko egiten da, horretarako existitzen den oro zalantzan jarriz, baita zentzumen bidez jasotako guztia ere, eta ziurtasun iturriari dagokionez, zalantza ziurtasunak lortzeko tresna dela esan genezake. Beraz, zalantza metodikoaren bidez, dakigun oro baztertu eta pentsatzen jarriz gero, lehen ziurtasunera iritsiko gara; “cogito ergo sum”, hau da, pentsatzen ari garenez, pentsamendua existitzen dela ziur gaude, eta hortik geure existentziaz ziur egon gaitezke, izan ere “pentsatzen dut, beraz, banaiz”. Duda prozesuaren ondoren eta lehen ziurtasun honetara iritsi ondoren, Descartesek geure existentzia frogatzen digu, eta hortik haurrera, sintesira eta zerrendaketara pasa gaitezke.
Ideia motak: adbentziak, faktiziak eta jatorrizkoak
Ideiak esanahi asko ditu, baina Descartesentzat, ideia pentsamendu bat da. Lehen ziurtasuna aurkitu ondoren, pentsalari honek pentsamendura jotzen du Jainkoaren eta mundu fisikoaren existentzia frogatzeko, beraz, ideietara jotzen du. Descartesek ideien sailkapen bat egiten du, jatorrizko ideiak, irudimenezko ideiak eta ideia eratorriak bereiziz. Jatorrizko ideiak jaiotzetik ditugun ideiak dira, geure barnean aurkitzen direnak, hau da, geure existentziaren ideia adibidez. Ideia eratorriak berriz, kanpoko mundu fisikotik hartutako ideiak dira, eta irudimenezko ideiak geure imajinazioan sortutako ideiak direla dio Descartesek. Hiru hauetatik, ideia garrantzitsuenak jatorrizko ideiak dira, izan ere, bere filosofiaren erdigunea dira, geurekin jaio direlako. Horrela, jatorrizko ideietatik abiatuz, beste ideiak gauzatu ditzakegu, eratorriak mundu fisikotik geureganatuz eta irudimenezkoak ideiak sortuz.
Jainkoa eta munduaren existentzia
Descartesek, “Ni”-aren existentzia frogatu ondoren, Jainkoaren eta munduaren existentzia frogatzen saiatuko da. Berriro ere pentsamendutik abiatzen da, eta horretarako pentsamendu ezberdinak ideia bezala definituko ditu, hiru mota bereiziz; jatorrizkoak, eratorriak eta irudimenezkoak. Hasteko, Jainkoaren existentzia frogatzeko, argudio ugari erabiltzen ditu. Descartesentzat, Jainkoa sustantzia mugagabea, betierekoa eta ahalguztiduna da, eta horrela, lehen argudiora iritsiko gara, hau da, nik sustantzia mugatua izanik, sustantzia mugagabearen ideia dut, sustantzia mugagabeak nire espirituan jarri duelako; menpekotasun argudioa. Bestalde, izaki mugagabe edo infinituan, Jainkoan, ezin dira existentzia eta esentzia banatu, eta izaki perfektua existentziarik gabe ezin denez ulertu eta ulertzen dugunez, Jainkoa bada. Beraz, honela Jainkoaren existentzia frogatuta geratzen da, eta orain, munduaren existentzia bakarrik frogatzea falta da, horretarako berriro ere pentsamendura joz. Horrela, pentsamenduan gauza sentigarrien ideia aurkituko dugu, eta hauek existitu egiten dira, izan ere; gauza sentigarriak Jainkoak sortu ditu, eta Jainkoa ahalguztiduna, infinitua eta perfektua denez, gauza sentigarriak badira, Jainkoak ez gaitu engainatuko eta.
Pasioak eta askatasunak
Descartesek zioenez, pasioak (padecere) ez dira gizakiaren ekintza baten fruitu, hau da, gizakiari nahigabe gertatzen zaizkionak baizik. Filosofoaren ustetan, hauek gorputzeko zenbait organok sortzen dituzten “izpirituei” esker sortzen dira, eta horregatik ezin dira ekidin. Hala ere, horrek ez du esan nahi pasioak txarrak direnik, izan ere pasioak mendean hartuta profitagarriak izan daitezke. Pasioek eragina dute gorputzeko organoetan, eta horregatik, Descartesen ustetan gaixotasun fisikoak izpirituaren gorabehera hauengatik sortzen dira. Pasio nagusiak harridura edo miresmena, maitasuna, gorrotoa, desira, poza eta tristura dira.
-Harridura: Garunean kokatzen da, eta Descartesentzat oso baliagarria da, ikasteko gogoa pizten baitu. Pasio hau benetako jakintsuei nagusitzen zaie bizitza osoan zehar, eta horregatik hauek bizitza osoan zehar harritzeko gaitasuna dute.
-Maitasuna eta gorrotoa: Ariman sortzen dira, eta maitasunak onura egiten diguna bilatzera bultzatzen gaituen bitartean, gorrotoak kalte egiten diguna bilatzera bultzatzen gaitu.
-Desira: Arimaren asaldura da, nahi duguna eskuratzera eta gordetzera eramaten gaituena. Onerako denean, maitasuna, itxaropena eta alaitasunari dago lotuta, eta txarrerako denean, gorroto eta tristurari lotuta.
-Alaitasuna eta tristura: Gauzek garunean uzten diguten emaitza dira.
Enpirismoa: Locke-rengandik Hume-renganaino
Enpirismoaren ezaugarri nagusiak
Lockek Descartesen filosofia ezagutu zuen. Descartesentzat, arrazoimenaren indarra bakarra, gizaki guztiengan dagoelako, askitasuna duena, bere baitan daudelako beharrezko oinarriak, eta akatsik gabea da, metodo zuzena jarraituz ezin delako akatsik egin. Lockek ordea, beste ikuspuntu bat zuen, arrazoimenak akatsak baitzituen bere ustez. Hasteko, arrazoimena ez da bakarra, guztiongan desberdina baita. Gainera, ez du askitasunik, izan ere, bere oinarriak kanpoko esperientzia pertsonaletatik hartzen ditu. Eta azkenik, ez da akatsik gabea, izan ere, akatsak ditu esperientziaren datuak falta zaizkiolako, oinarri okerrak ditu, hizkuntza behar du, frogak falta zaizkio… Eta ondorioz, arrazoimena ezagutu baino lehen, bere mugak aztertu behar dira. Horrela, Lockek errealitaterako ezagutza egokiak Nia, Jainkoa eta gainerako gauzak direla dio; Nia erreala da, pentsatu eta arrazoitu egiten dudalako, Jainkoa erreala da; kausalitate froga dago, izan ere, existitzen den oro norbaitek sortutakoa da, eta sortzaileen katean infinitura ezin dugu jo; dena izaki bakar batek sortu du, hau da, Jainkoak, eta gauzak errealak dira; gauzen errealitatea sentsazioen bidez ezagutzen da, eta Niaren kanpoko sentsazioek kanpoan existitzen diren gauzak direla adierazten digute, eta adierazpen hauek ukaezinak dira.
Bestalde, Humek beste ikuspuntu bat du ezagutzari dagokionez. Bere ustetan, eduki mental guztiak pertzepzioak dira, eta hauek bi motatakoak izan daitezke: inpresioak; sentipen, grina eta emozioak dira, buruan agertzen zaizkigunak eta barrukoak nahiz kanpokoak izan daitezkeenak, eta ideiak; hauek inpresioaren irudiak dira, aurrekoak baino ahulagoak. Ideia hauek elkartu eta ideiak konplexuagoak eratu daitezke, lege batzuk jarraituz.
Kant-en idealismo transzendentala
Ilustrazioaren ezaugarri nagusiak
Ilustrazioa Ingalaterrako Iraultzatik Frantziako Iraultzara bitarteko garaia da, XVIII. mendea hain zuzen. Mugimendu hau elite batek osatzen du; nobleak, burgesak eta aisidunak, baina pixkanaka, herriarengana ere helduko dira. Hasiera Britainia Handian izan zuen, gero Frantziara hedatu zen eta azkenik Alemaniara. Argiaren Mendea ere esaten zaio, izan ere, metafora hau erabiltzen da: ilustrazioa argia bezala da, hau da, argiaren irudia da, ezagutza, arrazoia, ordena, ontasuna eta kontrolaren sinbolo. Argi hau, iluntasunari kontra egiteko erabiltzen da, izan ere, ignorantziak, errorean nahasteak, kaosak, erorketak eta gaizkiak iluntasuna osatzen dute, eta ilustrazioak hauei kontra egiten die argi gisa jokatuz. Beraz, ilustrazioak autoritateak eta tradizioak gidaturiko iluntasunari argia edo espiritu kritiko arrazionalista bat kontrajarri zion. Horrela, zientzia berriekiko konfiantza izan zuten ilustratuek, autoritateari eta naturaz gaindikoari eraso zioten eta arrazoi autonomoa defendatu zuten, gizateriaren aurrerapena lortzeko. Ilustratuek uste zutenez, banako edo taldeko zoriontasunerako bidea arrazoimen kritikoaren erabilpenetik pasatzen zen, eta gizateriaren aurrerapena arrazoimenaren erabileratik datorrela zioten. Laburbilduz, hauek dira ilustrazioaren oinarri filosofikoak:
-Arrazoia: Ilustrazioak arrazionalitate eredu berri bat eratzen du, aurreko ereduekiko erabat desberdina. Eredu honetan, arrazoiak enpirikoa, kritikoa eta autonomoa izan behar du, eta tradizio edo autoritate guztien gidaritza baztertuz bakarrik lortuko da gizakia zuzentzea.
-Natura: Ilustrazioak naturara jotzen du, zuzenbide, erlijio eta moral naturala proposatuz. Arlo guztietan naturalera jotzen da, horrela, naturaz gaindikoari den metafisikoari gainjartzeko. Zientziak Jainkoarekiko autonomia baieztatu zuenez, natura izango da arrazoiaren erreferentzia berria.
-Askatasuna: Ilustratuek askatasuna aldarrikatzen dute, arrazoi autonomoa bultzatuz, eta horrela pentsatzeko eta adierazteko askatasuna eskatuz.
-Aurrerapena: Aurrerapen zientifiko teknikoak munduari eta historiari buruzko ikuskera baikorra ematen zion ilustrazioari.
XIX eta XX. mendeetako filosofia
XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak: Marx, Nietzsche, Freud, Darwin
Hurbilketa orokorra XX. mendeko filosofoei
XX. mendearen bigarren erdialdean, urte gutxiren buruan, arlo desberdinetan ekarpen iraultzaile pilo bat izan ziren. Harrigarria da hain urte gutxitan, hain besteko aldaketa izatea, eta ordura arteko sineskeria guztiak kolokan jarriko zituzten doktrinak zabaldu ziren. Horietako batzuk, erabat aldatu zuten gizakiak mendeetan izandako usteak, batez ere erlijioari dagozkienak.
Darwinek, bere teoriaren bitartez, naturaren funtzionamenduaren garrantzia nabarmendu zuen. Hautespena naturalaren bidez, honek gizakiaren sorrera azaltzen zuen, ordura arte erlijioak sorrerari buruz esandakoa kolokan utziz. Sortutako zirrara izugarrizkoa izan zen, jende askok ez zuen bere teorian sinetsi, izan ere, gizakia modu naturalean sortua zela zioen bere teoriak, eta honek erlijioak proposatutako pribilegioak ukatzen zizkion gizakiari.
Marxek ekonomian oinarritutako historiaren interpretazioa egin zuen. Bere ustez, interes ekonomiko desberdinak dituzten taldeen (klaseen) arteko borroka bakarrik egon da historian, eta gainerako guztia, egia gordin hori estaltzeko asmatutako huskeria da. Hau estaltzeko, Marxek ustetan Eliza bezalako erakundeak sortu dira.
Nietzschek mendebaldeko kultur tradizioaren eta erlijioaren kritika garratza egin zuen. Filosofo honek erlijioari, filosofiari eta moralari kritika egin zien, eta honek mendeetan jendeari sinetsarazitako gezurra agerian utzi zuen.
Freud psikoanalisiaren sortzailea izan zen, eta honek plazaratutako doktrina polemikoak errepresioa jarri zuen gizakiek jasaten dituzten neurosien atzean. Freudek mendeetan ukatu zaigun animaliatasuna errebindikatzen du, eta bere ustez, neurosiaren eragina jarrera naturalen aurka hartutako portaerak dira, hau da, desioen ukapena, eta hau gehienbat erlijioaren ondorioz gertatzen da.
Kritika guzti hauek etsai komun bat dute; erlijioa, mendeetan pentsamenduaren gidari eta zelatari izan dena. Beraz, hemendik aurrera, XX. mendeko gizakiak ezingo du orain arte sinetsitakoan sinesten jarraitu, izan ere, pentsalari hauek gizakiak pentsatzen zuena aztoratu dute.
Marx-en Filosofia
Erlijioa-alineazioa
Erlijioaren kritika oso zaharra da, eta kritikari asko egon dira, Marx barne. Pentsalari honek Epikuro, Hegel eta Feuerbach-en influentziak jaso zituen, eta erlijio alienazioa defendatu zuen. Alienazioa, norberarena den zerbait beste baten esku uztea da, hau da, zeure burua saltzea. Marxen ustetan, geure pentsamendua erlijioaren esku uzten dugu, eta horregatik, bere ustez erlijio alienazioa gertatzen da. Beste modu batera esanda, gizarteak bere pentsatzeko modua erlijioari uzten dio, eta jada ez du bere kasa pentsatzen, izan ere, erlijioak kontrolatzen du norberaren pentsaera. Beraz, erlijioaren menpe geratuz, gizakiak bizi duen egoera penagarriari aurre egiten dio; erlijioak hainbat eskaintza egiten dio gizakiari; mundu honetan norbaiten bizimodua txarra eta bidegabekoa bada, hil ondoren zerura joango dela dio erlijioak, eta orain bizi dugun egoera hobetzeko ez dela ezer egin behar dio, etorkizunean ondo biziko baikara. Proposamen honek bidegabekeria asko murrizten lagunduko luke, zerua existituko balitz noski; ez balitz existituko, engainu handia izango da erlijioa, eta hori da gertatzen dena Marxen ustez. Beraz, pentsalariaren ustez, zeruaren eta infernuaren kontakizunarekin erlijioak injustizia justifikatzen du; orain gaizki bizi bazara, zerura joango zara. Honekin Marxek erlijioa lilurakeria eta gezurrezko askapena dela dio, eta honek gizakiaren atzerapena dakarrela dio. Honetaz gain, pentsalari honek erlijioa herriaren opioa dela dio, hau da, herria engainatzeko tresna dela dio, izan ere, gizarteak bere pentsaera erlijioaren esku uzten du eta honek ez du ezer egiten gizartea hobetzearren.
Nietzsche eta arrazoimenaren kritika
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
Friedrich Wilhelm Nietzsche filosofoa 1844an jaio zen Prusian, eta 1900 urtean hil zen Alemanian. Txiki txikitatik gaixotasun arazoak izan zituen, izan ere, genetikoa izan zitekeen gaixotasun batek arazo handiak ekarri zizkion, eta zalditik behin jausteak eta sifilisak gaitza areagotu eta zoramenera bideratu zuten Nietzsche. Unibertsitatean Teologia eta Filologia Klasikoa ikasten hasi zen, baina Teologia bertan behera utzi behar izan zuen, eta ondoren, unibertsitatez aldatu. Austriaren aurkako gerra zela eta, prusiar amorratu gisa agertu zen, eta 24 urte zituela, Basileako Unibertsitateko irakasle bezala onartu zuten. Bertan, Wagner eta Schopenhauer ezagutu eta lagun egin zituen, baina Wagnerrekin haserretu eta ez zuen berriro harremanik izan berarekin. Ondoren Basileako katedra utzi eta Dionisos, Jainko alaia, ulertzen saiatu zen, asko bidaiatuz zuen bere gaixotasuna zela eta, baina azkenean bakarrik eta eroturik bukatu zuen, arrakastarik gabe. Nietzsche Europaren iraultzen aldian bizi izan zen, izan ere, Iraultza Frantsesa, industria iraultza eta Ilustrazioa gertatu ziren bere garaian, eta gainera inperialismoaren garaia eta mugimendu sozialak ezagutu zituen
Kritika mendebaldeko zibilizazioari. Bitalismoa.
Nietzschek kritika garratza egiten dio mendebaldeko zibilizazioari, eta zalantzan jartzen du gizakiak bi mila urteotan jarraitu duen bidea, bide oker hau hartu izana kristautasunaren erru dela aldarrikatuz. Nietzscherentzat kristautasuna inposaketa bat da, ezintasunaren adierazle, mundua iraintzen du, eta horregatik, bere ustez, gizakiaren gaitza izan da. Erlijioaz gain, Nietzschek zientzia eta filosofian izan diren ereduak ere gizakiaren okerreko jarraibideak izan direla dio, eta honela, erabat kritikatzen du mendeetan zehar hedatuz joan den Mendebaldeko kulturgintza osoa, bereziki Europan goi mailakoen bizitza erosoa osasungarritzat ez jotzea. Gainera, Nietzschek bereizketa garbi bat egiten ordura arte egondako filosofoen artean; Sokrates-en aurreko guztia ontzat ematen zuen, baina Sokrates eta bere ondorengo filosofo guztiak gaitzetsi egiten ditu. Bestalde, esan beharrekoa da Nietzschek bitalismoaren filosofia berresten zuela. Bitalismoarentzat bizitza da balio nagusia, eta bizi errealitatea balioz eta sentimenduz arrazoimenez baino hobeto antzematen dela dio. Honetaz gain, bitalismoak bizitzaren alderdi dinamiko eta arrazionala goresten ditu, eta ez da teoria bat, pentsalarien joera desberdina baizik.
Apolineoa eta dionisiakoa
Gizakiaren baitan bi indar kontrajarri agertzen dira; arrazionalismoa eta sentimenduak. Apolo, argitasunaren eta neurriaren jainkoa da, arrazionala, eta Dionisos aldiz, itxuragabea eta neurrigabearen adierazgarria da, sentimenduen adierazgarri. Bi hauen arteko kontrajarritasuna bereizgarria den arren, ezin dute bizi bata bestea gabe. Hala ere, Europako filosofia tradizionalistak apolineoari garrantzia gehiago eman dio, eta bere balioak nagusitu dira Mendebaldeko kulturan, dionisiakoen gainetik. Nietzschek hauxe bera aldarrikatzen du, hau da, berarentzako, supergizakia ezaugarritzen duten baloreak dionisiakoak dira, eta bi joeren arteko oreka berreskuratzen saiatuko da, maila berean egon daitezen. Joera arrazionalista duenak ez da errealitatearen mugikortasunaz ohartzen, hau da, ez du arrazoimen eta egiarik lortzen, izan ere, bizitzan aurrera egin ahal izateko eta ezagutza lortzeko, instintuak, pasioak eta antzekoak baloratu behar dira.
Nihilismoa eta baloreen transmutazioa
Nihilismoa Jaikoaren heriotzaren ondorioetako bat da, eta indarrean dauden baloreak ukatzen ditu, hau da, transzendentziaren ukapena da. Nihilismora daramaten bide asko daude, gorputzaren edo bizitzaren desirei uko egitea eta historiaren gertakizunek helbururik ez dutela ohartzea adibidez, baina gehienetan gizakiaren nihilismorako joeraren arrazoia gizakia nondik datorren, nora doan eta munduan duen egitekoaren ezjakintasuna da. Gainera, metafisikak mundu honen bestaldean dagoena ezerezean utzi duenez, gizakiaren bizitzari zentzua ematen zion mundu transzendentea desagertu egin da, eta horregatik gizakiak nihilismora jotzen du. Honela, joera honen bidez, gizakiak Jainkoaren ordez natura eta mundua aldarrikatzen ditu, uneoro gertatzen diren gertakizunak baloratuz, izan ere, Jainkoa, ongia eta haraindiko mundua “ezerezaren adierazle” dira. Gizakia Jainkoaren heriotzaz ohartu da eta horrela, moral berria eta supergizakia proposatzen ditu, horretarako lau fase igaroz; hasieran, gizakia erlijio, metafisika eta moralaren hondamendiaz ohartu eta balore sortzaile horiei eusten da, gero mundu berriaren baloreak bereganatzen ditu, ondoren gizakiak bere buruari mesprezua dio eta azkenik bere burua suntsitu nahi du. Gainera gizakiak badaki bera dela Jainkoaren heriotzaren kausa, eta ondorioz, hortik aurrera, botere borondatea izango da gizakiaren baliorik nagusiena.
Kritika kristautasunari, Jainkoaren heriotza eta supergizakia
Nietzschek kristautasunari kritika oso gogorra egiten dio, izan ere, bere ustez erlijioa da gizakioi aurreratzen uzten ez diguna. Kristautasunak gizakiengan bi moral sortu ditu; morroien morala; berdintasuna, elkartasuna eta esanekotasuna oinarri dituen, eta jaunen morala; askatasuna eta bizitzaren jatorrizko bertuteetan oinarritua. Nietzschek dioenez, erlijioak morroi morala hedatu du gizakiengan, eta filosofoak jaunen morala aldarrikatzen du, morroiena bortxatzailea baita. Honela, erlijioa inposaketa bat dela dio, ezintasunaren adierazle, beldurra, gezurra, ezintasunazabaldu dituelako, eta instintuak eta gorputzaren plazerak ekiditen dituelako. Gainera, erlijioak bekatuaren kontzeptua zabaltzen du, eta guzti hau dela eta, Jainkoa hil behar da; Jainkoa hilda, gizakiak askatasuna izango du bere desioak betetzeko, eta bizitzan aurrera egingo du. Honela, Jainkoa hiltzeko Nietzschek supergizakiaren kontzeptua sortzen du, horretarako, eraldakuntza hau gertatzen da gizakiarekin, metaforikoki: lehenik, gizakia gamelua da; erlijioaren aginduak zintzotasunez betetzen ditu; gero, gizakia lehoia da; erlijioaren kontra irauli da, iraultzailea da; eta azkenik, gizakia haurra da; Jainkoaren heriotzaren ondoren, gizaki berria da, berriro jaio da, eta nahi duena egiteko askatasuna izango du. Honela, supergizaki hau mugiaraziko duena botere nahia izango da.
Botere nahimena eta betiereko itzulera
Jainkoa hil ondoren, jada gizakiak askatasuna du, eta orain, gizakia mugituko duena botere nahia izango da. Nietzschek berdintasunaren kontzeptua dudan jartzen du, izan ere denok desberdinak gara, eta bizitzan gero eta indartsu eta kementsuago izan, hau da, gero eta botere nahi handiagoa izan, orduan eta desberdinagoa izango da gizakia. Horrela, botere nahia bizitza maila handiagoa eta hobea lortzeko tresna da, eta bizitzako arlo guztietan ageri da nahi hau: bizidunak bere barruan gordetzen duen indarra kanporatu behar du, eguneroko jardueretan burutzen diren ekintza guztietan botere nahia azalduz. Hala ere, nahiz eta botere nahiak desberdintasuna eragin, eta desberdintasunak gizakia hobeagoa dela adierazten duen, ez da mendekoen edo ahulen gainetik jartzeko asmoa, baizik eta gizakia bere buruarekin ziur eta sendo sentitzeko saiakera. Bestalde, betiereko itzulerari dagokionez, kontzeptu hau etorkizuna nola izango den adierazteko erabiltzen dela esan genezake, etorkizuna argitzeko ikuspegia da. Itzulera hau Jainkoaren heriotzak dakarren ondorioetako bat da, eta denboraren ikuspegia azaltzeko erabiliko da, izan ere, lehen denbora Jainkoaren esku zegoen, baina orain ez dago inor erabaki hau hartuko duenik. Azkenik, esan beharrekoa da kontzeptu honek greziar ikuspegia hartzen duela, eta denboraren ikuspegi zirkularra azaltzen da; dena egiteko dago, baina agian dena gertatu da, nahiz eta beste bi ikuspegi ere badauden; kristautasunarena, dena hasi eta bukatu egingo da, eta grekoena, dena hasi da, baina agian ez da bukatuko.
Logika eta lengoaiaren filosofia: Wittgenstein
Datu biografikoak eta testuinguru historikoa
Ludwig Wittgenstein Vienan jaio zen 1889an eta Londresen hil zen 1951. Garai hauetan, I. Mundu Gerra izan zen, eta nahiz eta hasieran gatazka laburra izango zela pentsatu, azkenean asko luzatu zen, eta nazionalismoen eta diktaduraren sorrera ekarri zuen, ondorio ekonomiko, politiko eta sozial txarrak utziz. Wittgenstein familia aberats batean jaio zen, eta hasieran injinerutza ikasten hasi zen arren, filosofia eta logika ikasten bukatu zuen. Familiarengatik diru asko heredatu zuen, eta esan beharra dago ospe handiko artista, zientzialari, musikari eta ingeniariez inguraturik egon zela. Lehen Mundu Gerran boluntario gisa jardun ondoren, eta Sobiet Batasunera politika ezagutzera joan eta Estalinismoa ezagutu eta berriro bueltatu ondoren, Tractatus liburua idatzi zuen. Ondoren, Russelekin Cambridgera joan zen, eta bertan irakasle gisa egon zen. Geroago, Tractatusean egindako akatsez oharturik, Filosofi Ikerketak liburua idatziko du, bera hil eta gero aurkituko dena.
Testuinguru filosofikoa: filosofia analitikoa
Filosofia analitikoa II. Wittgensteinen eraginez sortutako filosofia mota da. I. Wittgensteinen helburua zientziak erabiltzen dituen esaldiak aztertzea zen, hau da, hizkuntza zientifikoaz arduratu zen, baina II. Wittgensteinek hizkuntzaren hitz jokoak aztertzen ditu, edo beste modu batera esanda, hizkuntza arruntaz arduratzen da. II. Wittgenstein honi ez zaio hizkuntza deskribatzailea bakarrik interesatzen, hizkuntzaren atzean dauden funtsak ere aztertu nahi ditu. Hizkuntzaren azterketa honetatik abiatuz, asko izan dira Wittgensteinen antzera hizkuntza aztertzen saiatu direnak, hizkuntzaren gramatika eta esanahia aztertuz. Horregatik, 2. Wittgensteinen jarraitzaile hauek, hizkuntza arrunta aztertu eta azaltzen saiatu direnak, filosofia analitikoaren arlokoak dira, izan ere, ez dute I. Wittgensteinek proposatutako logikaren azterketa egiten, hizkuntz jokoena baizik; Vienako Zirkulukoen kontrakoak ziren.
Tractatus-a: mundua, pentsamendua eta lengoaia
Tractatus I. Wittgensteinek idatzitako lehen liburua da, eta bertan, zientziak edo logikak erabiltzen duen hizkuntzaren esaldi edo perpausak aztertzen ditu. Wittgensteinentzat, munduaz hitz egitea zientzia egitea da, baina esaten dugun guztiak ez du balio bera, beraz, lau perpaus mota bereizten ditu: adierazpenezkoak, galderak, aginte perpausak eta harridura perpausak. Lau hauetatik garrantzitsuenak adierazpen perpausak dira. Perpaus hauek zientziak erabiltzen dituenak dira, eta logikaren oinarri dira, bere funtzionamendua aztertzen dutelarik. Adierazpen perpausen bidez, hizkuntzaren eta logikaren arteko lotura aztertu nahi da, eta beti gertakari bat ordezkatu dezakete. Perpaus hauek bakarrik izan daitezke egiak edo faltsuak, eta horretarako, deskribatzen duten gertakariarekin konparatu behar dira; adierazpen perpaus bat deskribatzen duen gertakariarekin bat badator, orduan egiazkoa da, baina ez badator bat gertakariarekin, orduan faltsua da. Bestalde, munduari dagokionez, gertakarien lekua dela esan genezake, eta esan bezala, esaldi edo perpausen bidez adieraz daitezke hauek. Horrela, gertakariak aztertuz ezagutza lortzen da, izan ere, gertakariak aztertzea mundua aztertzea da, eta mundua aztertzea zientzia egitea da.
Tractatus-a: proposizio egiazkoak, proposizio zentzudunak eta pseudoproposizioak
Wittgensteinek Tractatus liburuan zientziaren hizkuntza aztertzen du, eta lau perpaus mota bereizten ditu; adierazpenezko perpausak, galderak, aginte perpausak eta harridura perpausak. Adierazpen perpausak dira lauetatik garrantzitsuenak, gertakariak deskribatzen baitituzte; deskribatzen dituzten gertakariekin bat badatoz, orduan perpausa egia izango da, baina ez badatoz bat, orduan faltsua izango da. Horretaz gain, Wittgensteinek bi motatako proposizioak bereizten ditu; zentzudunak eta zentzugabeak. Wittgensteinentzat, proposizio zentzudunak faltsuak edo egiak diren erabakitzeko aukera ematen dutenak dira, hau da, existitzen diren gertakarietan oinarritzen diren proposizioak dira, eta egiak edo faltsuak izan daitezke. Proposizio hauek, zientziaren mundua hartzen dute, mundu erreala eta ez metafisika. Proposizio zentzugabeak aldiz, ez datoz bat guk gaur egun zentzugabe hitzari ematen diogun esanahiarekin; Wittgensteinentzat, proposizio zentzugabeak proposizio egiaztaezinak dira, beste modu batera esanda, proposizio metafisikoak. Hauek, erlijioa, etika, artea… eta antzeko gaiei buruzkoak dira, eta ezin ditugu egiazkoak edo faltsuak diren erabaki.
Ikerketa filosofikoak: erabilera eta lengoaia jokoak
Tractatus liburuan, Wittgenstein zientziaren hizkuntzaz arduratu da, baina II. Wittgenstein hau, Filosofi Ikerketak liburuan, hizkuntza arruntaz eta hizkuntza jokoez arituko da. Oraingoan filosofoa ez da arituko ea perpausa egiazkoa edo faltsua den aztertzen, baizik eta perpausak bizitzan duen helburua aztertzen arituko da. Beraz, filosofia analitiko honen erabilera hizkuntza arruntaren gramatika aztertzea izango da, eta horretarako, hizkuntza jokoak aztertzen dira; ez gaude hizkuntza perfektuaren bila edota hizkuntzaren egitura logikoa atzeman nahian. Hizkuntza jokoak mintzairarekin zerikusia duten jarduerak dira, eta hizkuntza deskribatzailea ez da hizkuntza bakarra izango, ezta pribilegiatuena ere; hizkuntza jokoen bidez perpausen eta gauzen arteko erlazioa sortzen da. Bestalde, hizkuntza jokoak ezin dira definitu; irekiak eta aldakorrak baitira, eta interpretazio desberdinak izan ditzakete. Beste modu batera esanda, hizkuntza jokoak ulertzeko, hizkuntza jokoen parte izan behar gara.
Filosofiaren funtzioa Tractatus eta Ikerketa filosofikoak liburuetan
I. Wittgensteinek, bere Tractatus liburuan, zientziaren hizkuntza aztertzen du, hizkuntza logikoa, horretarako lau perpaus mota erabiliz; adierazpen perpausak, galderak, harridura perpausak eta aginte perpausa. Hauetatik adierazpenezko perpausek bakarrik adierazten dute gertakariren bat egia edo gezurra den, eta horregatik jardunaldi honetan filosofiaren funtzioa zientziaren perpausak ulertzen saiatzea da, esplikazioak emanez. II. Wittgensteinek ordea, zientziaren hizkuntza alde batera utzita, hizkuntza arruntean murgiltzen da, hizkuntza jokoak aztertuz. Kasu honetan, esan beharra dago filosofoaren nahia ez dela zientzia perpausak egiak ala gezurrak diren aztertzea, baizik eta hizkuntzaren eta mundu fisikoaren arteko lotura aztertzea. Beraz, kasu honetan, filosofiaren eginkizuna perpaus arrunten esanahia eta gauzekin duten lotura aztertzea eta azaltzea da. Hala ere, gaur egun, hainbat filosofok uste duenez, Wittgensteinen bi obrak, nahiz eta hasera batean oso desberdinak izan, bata bestearekin oso erlazionatuta daude, izan ere, azken finean filosofiaren eginkizuna hizkuntza aztertzea dela dio Wittgensteinek.
Etika Wittgensteinen pentsamenduan
Etika, gaur egun ere, definitzeko zaila den kontzeptua da. Modu batera esateko, etika ekintzak zuzen edo oker dauden adierazten dituen arau multzoa da, baina Wittgensteinek zioenez, etikak zentzu absolutua hartu nahi du, eta or huts egiten du. Etikak ezin du zentzu absolutua hartu, izan ere, zerbait ona edo txarra den erabakitzeko, geure pentsamenduetatik abiatzen gara, hau da, esperientzia pertsonaletatik abiatzen gara, eta hauek subjektiboak direnez, etika ez da absolutuak. Etikaz hitz egitea ez da zientzia egitea, ez baitago gertakarien munduan, eta horregatik proposizio zentzugabeak direla esan dezakegu; ezin dugu erabaki etikaren proposizioak egiazkoak edo faltsuak diren. Etikaz, erlijioaz… aritzeak beraz, ez du inongo zentzu zientifikorik, baina horrek ez du esan nahi ez duela ezertarako balio; etika hizkuntzaren mugak gainditzeko ahalegina da, beraz oso baliagarria da. Beraz, etikak ekintzak ondo edo gaizki dauden erabakitzen du, baina nahiz eta ekintza guztiak maila berdinean egon, gizakiak on edo txar bihurtzen ditu, eta horregatik, nahiz eta gertakariak mundu errealean egon, gizakiak erabakitzen ditu beren balio etikoak; hala ere, balio hauek beti erlatiboak izango dira.
Ortega eta bizi-arrazoimena
Ideiak eta sinesteak
Ortega y Gasset espainiar filosofo garrantzitsu bat izan zen, nahiz eta ez zuen atzerritar filosofoen lanen tankerakorik egin. Bere lana ideiei eta sineskerei buruzkoa da; ideiak eta sineskerak geure pentsaeraren osagai dira, hau da, gutako bakoitzak dituen kontenituak. Historian zehar, bi kontzeptu hauek oso nahasirik ageri zaizkigu, eta horregatik, Ortegak nolabaiteko bereizketa egiten du bere lanean.
Hasteko, Ortegak bi ideia edo pentsaera mota bereizten ditu; ideiak eta sinesteak. Ideiak norbaitek pentsatu eta hauetaz gogoeta egin duen kontzeptuak dira, hau da, norbaitek pentsatu egin du eta ideiak izan ditu, nolabaiteko elaborazioa jaso dutelarik. Beste modu batera esanda, guk ideiak izaten ditugu, pentsaeraren fruitu direnak.
Bestalde, Ortegak dioenez sinesteak kanpotik edo ingurutik hartu ditugun ideiak dira, erlijioa adibidez. Sineste hauek txikitatik izan ditugu barnean, eta inoiz ez dugu pentsatu hauen inguruan, hau da, sinesteak barruan ditugu, baina inoiz ez ditugu pentsatu eta ez ditugu elaboratu, hor dauzkagu eta kito; sinesteek gu gaituzte.
Beraz, bi kontzeptuak definitu ondoren, Ortegak sinesteak ideia bihurtu daitezkeela azaltzen du. Geure barruan ditugun sinesteak hor daudenez, ez ditugu pentsatzen printzipio batean, baina beste gizarteetako edo kulturetako pertsonen sinesteak aztertzean, geure sineste propioak aztertzen hasten gara, hau da, geure sinesteak pentsatzen ditugu, eta horrela, egiak edo faltsuak diren juzgatu ditzakegu, hau da, ideia bihurtzen ditugu. Beste modu batera esanda, sineskerak sustraituta dauzkagu, baina ez dira gureak, eta pentsatu egiten ditugunean, ideia bihurtzen dira.